

Fagoaqua proiektua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Berrikuntza Proiektuen deialdiaren
baitan garatu da, CIFP Don Bosco LHII eta FP Santurtzi LH-ren arteko lankidetzari esker.
FagoAqua Proiektua
Zertan oinarritzen da FagoAqua proiektua?
Antibiotikoak gehiegi eta arduragabeki erabiltzeagatik bakterioek erresistentzia-mekanismoak garatu
dituzte. Horren ondorioz, antibiotikoekiko bakterio-erresistentzia XXI. mendeko osasun
publikoaren erronka bihurtu da. Zifra orientagarri batzuk: Espainian, 2023an, 20.000 pertsona baino
gehiago hil ziren bakterio multierresistenteek eragindako infekzio baten diagnostikoaren ondorengo
30 egunetan. Egoera horren aurrean, ikuspegi terapeutiko ez-konbentzionalak bilatu nahi izan dira,
esaterako, bakteriofagoak.
Zer dira bakteriofagoak edo fagoak?
Birusak dira, bakterioak modu espezifikoan infektatzen eta hiltzen dituztenak. Gizakiengan aldiz ez
dute eraginik, hau da, ez dira gai gure zelulak infektatzeko.
Zeintzuk dira FagoAqua proiektuaren helburu nagusienak?
Hondakin-uretatik antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioen anduiak isolatzea eta
karakterizatzea. Ondoren andui horiekin lotutako bakteriofagoak isolatu, identifikatu eta aztertzea.
Bakterio erresistenteak hiltzen dituzten bakteriofagoak lortzea da helburu.
Zer lortu da?
Ur-hondakinetatik antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterio-anduien laginketa eta isolamendua
egin dugu, 4 bakterio andui multierresistente puru isolatzea lortu delarik. Mikrobiologikoki
karakterizatzeko frogak egin zaizkie (morfologia, Gram tindaketa eta patogenizitatea) eta
antibiotikoekiko sentsibilitatea zehazteko frogak (antibiogramak). Azkenik, analisi genetiko (16S rRNA
analisia) bidez, 4 anduiak identifikatzea lortu da: Raoultella ornithinolytica (A1), Proteus mirabilis (A2),
Proteus mirabilis (A3) eta Citrobacter freundii (N1). Bestalde, hondakin-uraren laginetik, aurretik
isolatutako bakterioak (A1, A2, A3, N1) infektatu ditzaketen fagoen laginketa eta isolamendua egitea
lortu da; jakinik fago edo birus bakoitzak bakterio konkretuekiko afinitatea dutela, ez da gauza hain
erraza. Jarraian, A1 anduia infektatzeko gaitasuna duen fago baten isolamendua, aberasketa eta
honen infekziorako gaitasuna aztertzeko zenbait entsegu egin ditugu. Karakterizazio morfologikoa
egiteko transmisioko mikroskopia elektronikoa (TEM) erabili dugu. Azkenik, bakteriofagoak hondakin-
uren tratamenduan izan ditzaketen aplikazioak eta mugak identifikatzeko literatura zientifikoaren
analisia egin dugu.